Hari honek Erantzun 1 ditu, 2 ahots , eta azken eguneraketa  ernes-k egin zuen orain dela 10 months

2 mezu ikusten
  • Egilea
    Posts
  • #374

    berri
    Participant

    Ikusita 2018an EAE eta Nafarroan hezkuntza oposaketak egingo direla, eztabaida hau zabaltzen dut. EAEkoaren inguruko galdera-erantzu sorta bat prestatu dut. Inork hezkuntza sailak antolatutako oposaketetara aurkezteko asmorik balu, laguntza moduko bat izatea espero dut.

    1. Zertarako egin oposaketak?

    EAE-n, hezkuntzako zerrendaren baten sartu nahi baduzu, adibidez Matematiketan, eta irekita ez badaude, oposaketak gainditu beharko dituzu bertan sartzeko.

    Bestetik, funtzionarioa izan nahi baduzu, oposaketa gainditzeaz gain, postu zehatz bat lortzeko adineko nota izan beharko duzu. Adibidez, 50 plaza eskaintzen badituzte eta oposaketa gainditu arren 51. postuan geratzen bazara, ez duzu plazarik lortuko.

    Beraz, bi helbururekin egin daitezke oposaketak, zerrenda baten sartu zein funtzionarioa izateko.

    2. Merezi al du oposaketa bat prestatzeak?

    Esan genezake, 2018. urteko proposamena ikusita, oposaketak prestatzeak merezi duela. Oraingoan hainbat lanpostu eskainiko dira eta horrelako bat lortzeko aukera biderkatu egingo da.

    3. Zertan datza oposaketa batek hezkuntzan?

    Hiru zatitan banatuko dugu deialdia. Egia esan lehiaketa-oposizioa izango dela ematen du, azken urteotan bezala. Horregatik azkenean lortuko duzun notak hiru iturritik edango du.

    Herena zure esperientzia eta merituetan oinarrituko da. Beste herena, egun jakin baten egingo dituzun 2 eta 3 orduko azterketa bitan. Beste herena, uztailean zehar tribunalaren aurrean aurkeztuko duzun programazio eta unitate didaktikoen defentsan zehaztuko da.

    4. Ez daukat ideiarik ere ez nondik hasi behar dudan.

    Lasai egon, normala da zure egoera. Bi helburu zehatz izan behar dituzu: batetik, programazio didaktikoa prestatzea, eta bestetik, ekainean egingo den azterketa prestatzea. Horretarako, sindikatuek hitzaldi eta ikastaroak ematen dituzte. Gomendagarria da horietariko baten izena eman eta programazio didaktiko bat nola egiten den ikastea.

    Bestetik, gomendagarria da ere, ekaineko azterketa prestatzen hastea ahalik eta bizkorren. Badira gure artean azterketa ia prestatu gabe oposaketak gainditu dituztenak. Baina, zure kasua herritarron %99aren barruan sartzen bada, oposaketak prestatu beharko dituzu.

    Horrek lan dezente egin beharko duzula esan nahi du. Orduak jesarrita, teoria ikasten, ariketak egiten, interneten informazioaren bila orduak ematen, eta abar egiten.

    Beste ideia bat, zera izan daiteke: taldean prestatzea oposaketak.

    5. Merezi al du oposaketak taldean prestatzeak?

    Nik esango nuke baietz. Normalean hilabeteak izango dituzu oposaketak prestatzeko. Taldean lan egiteak erritmo zehatz baten lan egitera behartuko zaitu. Oso antolatua bazara, agian ez duzu beharko, baina prokastrinatzearen aldekoa bazara, oso gomendagarria izango duzu aukera hori.

    Bestetik, hilabete horietan zure gogo-aldartea gora behera ibiliko da. Batzuetan oso motibatuta eta bestetan zeharo desesperatuta. Kasu horietan ere taldean lan egiteak asko lagunduko dizu bata bestearen tristurak apaltzeko.

    6. Zer da programazio didaktikoa?

    Ziklo edo ikasmaila bateko arlo edo irakasgai jakin batean ikasleā€talde jakin baterako erabiliko den irakasteko eta ikasteko prozesuaren plangintza sistematizatua da programazio didaktikoa.

    7. Noiz aurkeztu behar izan ohi da programazio didaktikoa?

    Otsailaren inguruan igo beharko duzu dokumentua Hezkuntzaren sailaren web-orrira. Hori egiteko .doc, .pdf edo .odt formatuko fitxategia prestatu dezakezu. Baldintzak hezkuntza sailak aurkeztuko ditu, baina normalean 50 orrialde inguruko fitxategia izan ohi da. Irakurri arretaz oposaketen baldintzak.

    Handik hilabete batzuetara, azterketa eguna pasa ostean eta oposaketaren lehen zatia (idatzizkoa) gainditu ezkero, uztailean zehar bai programazioa eta bai unitate didaktiko baten defentsa egin beharko duzu.

    8. Zer dira unitate didaktikoak?

    Hezkuntzan, unitate didaktikoa ikasgai edo eduki jakin eta zehatz baten inguruan (adibidez, meteorologia edo energia ez berriztagarriak) hezkuntza-ikasketa prozesua antolatzeko modu bat da, edukia ikaslearen mailara, eskura dauden baliabideetara eta lortu beharreko helburuetara egokitzen duena. Curriculumak barnehartzen dituen ezagutzak eta gaitasunak ikasgai ezberdinetan bereizten dituzte unitate didaktikoek eta horrela, hezkuntzaren antolaketan denbora-planifikazioa eta beharrezko ebaluazioa bideratu.

    9. Orduan, programazioaren barruan unitate didaktikoak aipatu behar al dira?

    Hori da, ikasturtean zehar erabiliko dituzun unitate didaktikoak aipatu beharko dituzu programazioan, baina gainetik. Gero, uztailean egingo duzun aurkezpenean azaldu beharko duzu sakonean zoriz suertatuko zaizun unitate didaktiko bat.

    Zure programazio didaktikoa adibidez, 9 unitate didaktikoz osaturik badago, horietariko bat azaldu eta defendatu beharko duzu tribunalaren aurrean. Hau da, unitate didaktiko bakoitza ondo sakondu beharko duzu uztailean. Atera kontua, lan nahikotxo izango duzu unitate didaktiko bakoitza ondo prestatzen.

    10. Eta ekainean izan ohi den azterketa egunaren inguruan zer?

    Hau da azken dekretuak esandakoa:

    Lehenengo proba. Helburua izango da aukeratutako irakaskuntza-espezialitateari buruzko berariazko jakintzak frogatzea, eta batera baloratuko diren bi zati izango ditu. Lehenengo proba honen bi zatiak saio berberean egin ahal izango dira.

    A zatia: Proba praktikoa izango da, hautagaiek aukeratutako espezialitateari dagokion prestakuntza zientifikoa dutela eta trebetasun teknikoak menderatzen dituztela frogatzeko. Proba praktikoko edukia VI. eranskinean zehazten da. Izangaiek hiru ordu izango dituzte gehienez A zatia egiteko.

    B zatia: Epaimahaiak ausaz ateratako gai-multzo baten artetik izangaiak gai bat aukeratu eta garatu behar du idatziz. Gai-kopurua espezialitate bakoitzeko gai-zerrendari dagozkien gaien kopuru osoaren proportzionala izango da, honako irizpide hauen arabera:

    a) 25 gai baino gutxiago duten espezialitateetan, bi gairen artean aukeratu beharko da.
    b) 25 gai baino gehiago eta 51 gai baino gutxiago duten espezialitateetan, hiru gairen artean aukeratu beharko da.
    c) 50 gai baino gehiago duten espezialitateetan, lau gairen artean aukeratu beharko da.

    Zati hau prestatzeko, Agindu honen IV. eranskinean zehaztutako gaiak aplikatuko dira. Izangaiek bi ordu izango dituzte B zatia egiteko

    Azterketa BECen izan ohi da. Hilabeteak izango dituzu egun hori prestatzeko. Ikusi duzun bezala bi azterketa osatu beharko dituzu egun horretan. Zerrendaren arabera azterketa motak desberdinak izan ohi dira.

    Aipatu bezala, A zatia praktikoa da, eta hiru ordutan egin beharko duzu azterketa hori. Matematiketan adibidez, 5 ariketa izan ohi dira. Bi azterketa eredu ematen dituzte eta zuk bietariko bat aukeratu beharko duzu.

    Gutxi gora behera, B zati horretan, ikasitako teoria guztia paperean idatzi beharko duzu. Buruan gorde duzuna, egun hortan boligrafoaren laguntzaz paperean idatzi beharko duzu.

    Joan zaitez denbora nahikoarekin BECera, hainbat ibilgailu ibiliko dira egun horretan bertatik eta. Azterketa egingo duzun pabiloia handia da, jende asko bilduko zarete bertan, kontzentratu zurean. Jende ezaguna ikusiko duzu bertan, gogoratu azterketa hori ondo prestatu duzula eta zure helburua dakizun guztia erakustea dela.

    11. Nire zerrendan 500 pertsonak eman dute izena eta 50 lanpostu baino ez dira eskainiko.

    Lasai egon, normalean tasak 500 pertsonak ordaindu arren, programazio didaktikoa aurkezten dutenak gutxiago izan ohi dira. Zenbaki bat esatearren, 430 inguruk aurkeztuko dute programazio didaktikoa.

    Azterketa egunera 430 horietatik 400 aurkeztuko dira. Horrek esan nahi du 100 kide kanpoan gelditu direla.

    Kontuan hartu 400 horietatik azterketa benetan prestatu dutenak ez direla 200 baino gehiago izango. Denetariko egoera pertsonalak dituzten irakasleak aurkeztuko dira, askok ez dute denbora nahikoa eskainiko oposaketa prestatzeari.

    Beraz, 200 kide izango dituzu 50 lanpostu lortzeko. Horrek esan nahi du 4 kidetik lehena izan beharko duzula lanpostu hori lortu nahi baduzu.

    Hori izango da oposaketa gainditu eta lanpostua lortzeko buruan izan behar duzun zenbakia. Lau irakasletik lehena. Eta hori lortzea zure esku dago. Horretarako lana, lana eta lana baino ez duzu egin beharko.

    Eta lortzen ez bada, animo eta aurrera! Hurrengo baterako baliagarria izango zaizu egindako lan guztia.

    #380

    ernes
    Participant

    Kaixo, programazio didaktikoa zein kurtsotakoa prestatu behar da? ala ziklo osokoa da?

2 mezu ikusten

Saioa hasi behar duzu eztabaida honi erantzuteko.